2006/03/27

Hiru Erregen mahaia

Asteburua di-da batean joan da. Ostiralean Isabara heltzeaz batera demaseko txaparrada jaso genuen, bildurtzekoa. Lehenago heldu ginenok Liza artepetxean afaldu eta eguraldiari begira ohera joan ginen. Hurrengo eguna alaitsu esnatu zen, euririk ez eta eguraldi ona egingo zuela ematen zuen. Gosaldu eta gero, zortzi eta erdiak aldean, Lizatik gora Hiru Errengeen mahaira abiatu ginen. Behetik ikusita ez zuen ematen elurtza handirik egongo zenik, baina gora jo ahala elur geruza gero eta handiagoa zen. Eskerrak hemeretzi lagun joan ginela eta denon artean (batzuk beste batzuk baino gehiago) bidea egin genuela, gu giñen lehenak.
Gure alboan raketero batzuk eta besterik ez. Hiru Erregeen mahaiako goiko lepoan ginela, haitza genuen azken txanpa eta benetan ez zen gozoa, igotzea tira... baina jaisteko orduan arazoak egongo ziren. Sokarik ez genuen eta soilik batzuk igo zuten goiko tontorreraino. Ausarteenak, besteok euren zain geundela hamarretakoari ekin genion, zahato eta guztiz!!.
Lagunak tontorretik jaitsi zirenean, tipa-tapa behera egin genuen, eguraldi ona... ta oraindik batzuek indarra zutenez, Petretxemara igotzea erabaki zuten, hori bai indarra. Pena urik ez geneukala, baina batek gordetako tanta batzuekin egin genuen joan-etorria.
Aterpetxera heldutakoan, nekea, erredurak, egarria.... eta dutxa eta garagardoa, hau atsedena hau!!
Igandean, hanka luzatu nahian, beste bueltatxo bat eman genuen Lizako aterpetik gora, pagadi baten barnean eta elurren artean. Polita. Sarrioak ikusi genituen, paisaia eta berriro ere behera, Zurizako aterpetxean bazkaria enkargatuta geneukan eta.

2006/03/22

Himalayan Iñurrategi anaiek ateratako argazki bildumaren erakusketa

Kultura sailak Iñurrategi anaiek Himalayara egindako espedizioetan ateratako argazkien bilduma Ermura ekarri du eta erakusketa antolatu du Teresa Murga eraikinaren beheko aldean. Bilduma ‘Hire Himalaya’ titulatzen da eta material hori izen berberarekin eta BBK fundazioaren laguntzarekin argitaratutako liburuaren oinarri da.
‘Hire Himalaya’ anaiek elkarrekin egindako azken zazpi tontorren agiri eta lekukoa da. Iñurrategitarrek zortzi mila metrotik gora duten munduko hamalau mendiak igotzeko ametza zuten, Himalaya zale guztiek bezala. Azkenean, bietako batek lortu izan du helburu hori.
Erakusketa Ermuan izango da datorren 30era arte. Erakusketa gela zabalik dago arratsaldeko 6etatik 8etara lanegunetan eta goizeko 10etatik ordu 1era larunbat eta jai egunetan. Sarrera doan da.

2006/03/20

Martxoak 25-26: Hiru Erregen mahaia

Aurtengo egutegiarekin jarraituz, oraingo asteburuan Linza aldera joko dugu. Gure asmoa zapatuan Hiru Erregen mahaia igotzea da. Horretarako, barikuan kotxean sartu eta Nafarroako alde zoragarri honetara joko dugu. Elurra dago eta raketak eroango ditugu, ez dauzkanak Izaban alokatzea dago, beraz trankil. Horra hor plana!!

Irteera: Hiru Erregen Mahaia Noiz: ostiralean irten (martxoak 25) Zer ordutan: bakoitzaren ordutegiaren arabera kotxeak antolatu ditugu. Zer da egingo duguna: Zapatuan Hiru Erregen mahaia, domekan zehaztu barik. Zer da beharrezkoa: raketak, pioletak eta kranpoiak Noiz da buelta: domeka Besterik: lo egiteko lekua aldez aurretik hartu behar denez, eta plaza librerik dagoen ikusteko. Pasa zaitez eguenean Artarraitik.